XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEAREN V. IHARDUNALDIAK

Pirinioetako hartzak aukera gutxi du bizirik irauteko, dio biologo batek

Zigor Arteagak goi mendiko ekosistemaz hitzegin zuen NUPen

P. PELLEJERO. Iruñea

Zigor Arteaga biologoak ez hartzak ezta basahuntzak ere ez dutela bizirik iraunen Pirinioetan ziurtatu zuen astelehenean Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) eskainitako mintzaldi batean.

Arteagak Iruñeko Udalaren eskutik aste honetan zehar antolaturiko Udako Euskal Unibertsitatearen V. Ihardunaldietan parte hartu zuen Pirinioetako goi mendiko ekosistemaz hitzegiteko.

Arteagaren esanetan, hartzaren desagerpena oso argi aurrikus daiteke.

Hamabost bat hartz besterik ez dago Pirinioetan, hiru leku desberdinetan sakabanatuta, beraz, beraien artean ez dago komunikazorik.

Gizakiaren presioa gogorra da eta hartzak leku izkutuetara alde egin behar izan du.

Nire ustez argi dago desagertuko dela.

Orain berreskurapen planak egin nahian dabiltza, baina ez dakit merezi duen.

Ez dakit kanpotik ekarriko dituzten, baina Pirinioak gizakiaren presio handia jasaten du eta zaila da hartzarendako bizi baldintza egokiak sortzea.

Basahuntzari dagokionez, hamabi bat inguru besterik ez dira geratzen Ordesa eskualdean.

Hauek ere desagertuko dira seguru asko, hainbat urte baitaramate ugaldu barik.

Orain egin nahi dutena da denak harrapatu eta berreskurapen zentru batean ugaltzen saiatu.

Landare tropikalak Piriniotan

Pirinioetako goi mendiko ekosistema-estaia subalpetarra eta estaia alpetarrari dagokie, hau da, 1.500-1.700 metrotik gorako lurralde, harkaiztegi eta gailurretan kokatzen da.

Bertako bizi baldintzak oso gogorrak dira eta bizidunak egoera txar horietara moldatu behar dira.

Goi mendiko giro honetan gauza bitxiak aurki daitezke.

Esate baterako, landareria arloan badira Pirinioan hogei bat espezie endemikoak, hots, bertan soilik eta ez beste inon aurki daitezkeenak.

Bestalde, eboluzioaren aztarna harrigarriak ere aurkitzen ahal dira.

Ekosistema horretan, adibidez, Oreja de oso landarea bizi da.

Zigor Arteagak azaldu zuenez, arras landare berezia da hau, tropikoan banatzen den familiakoa baita.

Badira familia honetako bizpahiru espezie ipar hemisferioan bizi direnak, horien artean Pirinioetako hau. Diotenez, orain dela 65 milioi urte klima tropikala zegoen gure lurraldeetan. Beraz, Oreja de oso landare hau garai hartako ondorengoa da.

Gailurretan bizimodua askoz larriagoa da eta 3.000 metrotik gora ehun bat landare espezie ezagutzen badira, 3.300 metrotik gora 18 besterik ez dira ezagutzen.

Zuhaitzen aldetik, mendi pinua da lurralde hauetan bizi den bakarra, 1.500 metrotik 2.400 metroraino.

Hortik gora ez dago zuhaitzik baina bai, ordea, larreak eta hauek mota desberdinetakoak izan daitezke.

Animaliei dagokienez, sarrioa, ugatza eta marmota dira goi mendian bizi diren bereizgarrienak.

Horiez gain, hegaztietan, saizuria, saiarrea, arranoa eta zenbait hegazti ttiki bizi dira.

Animalietan, endemikoak ere badira, uhandre piriniarra kasu, soilik Pirinioan aurkitzen dena.

Ur hotzetako erreka eta lakuetan bizi da eta 3.000 metroraino ikus daiteke.

MARMOTAK

Zigor Arteagak zehaztu zuenez, marmota glaziazio garaiaren ostean desagertu zen Pirinioetatik.

Dirudienez, oso hedatua zegoen Europan eta horren lekuko Euskal Herriko zenbait kobazulotan aurkitutako aztarnak dira.

Mende honetan Alpeetatik marmota batzuk ekarri eta Pirinioan askatu zituzten.

Orain oso arrunta da Pirinioetan, izugarri hedatu baita.

Ordesan 1984an ikusi ziren lehenengoak eta orain nonahi aurkitzen dituzu.

Larran ere gero eta gehiago dago.